Azalpen laburra
Irrati zaletu amorratuak garenontzat, oasi handia izan da Info7 irratien basamortuan. Plazerra izan da guretzat, hasieratik, egitasmo honetan parte hartu ahal izatea eta bertan lanean ari diren lagun bikainekin elkar aritzea (Antton, Gari, Xabi, Eider, Ainhoa, Ixiar, Iñaki, Maite eta abar).

Eskerrik asko guztiei.
Era desberdinetan kolaboratu izan dugu Info7-n eta, hemen azaltzen duguna, tarteka aurkeztutako disko berrien aipamena da. Astero edo bi astean behin, disko berri bat aurkezten genuen. Horretaz gain, besteak beste, ostegunero, Molotoff-eko estudioetan grabatzen genuen saio musikala emititzen zen.

Lehenengo urteetan, saioaren grabazioa cd-an pasatzen genion Anttoni :-)
Eskerrik asko Info7ko lagunei, Euskal Herriko uhinak aberasteagatik egin duzuen lanagatik. Testigua Naiz irratiak hartu du orain...odol berria adierazpen askatasunaren itsasoa koloreztatzeko.
Besarkada.
---

RAPHERRIA
Info7-ko lagunen burugogorkeriari esker, euskaraz abestutako rap musikaren lehenengo disko bilduma kaleratu zen 2011. urtean, Rapherria izenarekin. Urteetan jende askoren gogoetan egondakoa egi bihurtu zuten. Zorionak Antton eta diskoaren osaketan parte hartu zuten guztiei.

Diskoaren aurkezpenean diskoan parte hartu duten hainbat musikari, Antton kordinatzailearekin batera. (Arg:JCRuiz-argazkipress)
Horrela azaldu zen prensan.
Horrela azaldu zen prentsan Rapherria diskoaren aurkezpena:
ENTZUN
2011-12-22
"Rap Herria", lehen euskal rap bilduma argitaratu du Info7 irratiak
Diskoak 18 kantu jasotzen ditu
rapherria.info7.com
Euskaraz egiten den rap musikari oihartzuna eman asmoz sortu du bilduma hau info7 irratiak. Euskal Herriko herrialde guztietako 17 taldek parte hartu dute bertan. Bad Sound System, Goienetxe anaiak, Mak, La Chula Potra, 121 Crew, Norte Apache, 2Zio, Toastibarre...
Bilduma honetan agertzen diren artista guztiek euskarazko rapa egiten dute. Mintzagai dugun bilduma honetarako espreski egindako kantuak aurkituko ditu entzuleak (sei guztira), ondoko taldeenak: Mak, 100% Gourmet, La Chula Potra, Goienetxe anaiak eta FLCH, Toastibarre eta 2zio.
Aritz Sound System rap adituak eta aitzindariak idatzi du diskoaren hitzaurrea.
Euskaraz egindako rap musika zabalduz doa Euskal Herrian. Bilduma hau da horren lekuko. Selektah kolektiboko lehen urrats bakartien ondoren, kostatu da taldeak eta artistak azaleratzea. Baina egon badira, eta apurka burua ateratzen doaz. Mak edota Bad Sound System beteranoen ondoan, Norte Apache, 121 Krew edota ZTK Rap aritu dira azken urte hauetan euskarazko rapa egiten (gaztelaniaz ere bai). Izen berriak agertu dira ere azkenaldian, La Chula Potra eta Goienetxe anaiak esaterako, eta bilduma honetan agertzen diren beste hainbat.
Gure herriko eskualdetik eskualdera aldeak nabarmenak dira hala ere. Musika mota hau sortu eta entzuteko kultura handiagoa dago Ipar Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian baino. Estatu frantsesean musika mota honek izan duen garapenak eragin zuzena izan du horretan. Halere, azken urte hauetan, Euskal Herriaren luze zabalean hedatuz doa euskaraz egindako rapa.
---------
NAIZ
GARA > Idatzia > Kultura
DURANGOKO EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA
Euskal raparen indarra azaleratzeko sortua da ?Rapherria? bilduma
Infozazpi irratiak bultzatuta, Euskal Herriko 17 rap taldek osatu dute «Rapherria» diskoa, euskarazko aurreneko rap bilduma. Aritz Usandizagak, euskal raparen aitzindarietakoa denak, egin du «hitzaurrea».
Ane ARRUTI | DURANGO
Mundu mailan, jarraitzaile kopururi dagokionez, gehien hazi den musika mota izango da, segur aski, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Rap musika jorratzen duten taldeak gero eta gehiago dira eta Infozazpi irratiak RapHerria bilduma aurkeztu du, «euskaraz egiten den rap musikari oihartzuna eman eta euskal kulturaren bilakaerari ekarpena egiteko asmoz».
Zazpi euskal herrialdeetako hamazazpi taldek hartu dute parte ekoizpenean, nahiz eta proiektuaren bultzatzaileek eurek aitortzen duten Ipar Euskal Herrian musika mota hau entzuteko joera handiagoa dagoela. «Frantziar Estatuan egia da historikoki zabalduagoa dagoela», esan zuen proiektuaren koordinatzaile Antxon Basurkok, «baina Hego Euskal Herrian ere gero eta gehiago dira. Iruñean bada plataforma bat, jaialdietan ere aldatzen ari da joera eta rap talde gehiago daude...».
Parte hartu duten taldeek euskara dute oinarri eta gaztelania, frantsesa eta ingelesa ere tartekatzen dituzte. «Azken batean, errealitatea islatzen dute», azaldu zuen Basurkok. Sei taldek gainera, espresuki sortu dituzte kantuak bilduma honetarako, MAK, La Chula Potra, ZKH (Goienetxe anaiak) eta FLCH, 100% Gourmet, Toastibarre eta 2zio taldeek, hain zuzen. Bestelako kolaboratzaileak ere izan dituzte, taldeez gain. Aritz Usandizagak egin du, esaterako, diskoaren «hitzaurrea» eta Karlos Osinaga Txap teknikariaren esku egon dira moldaketak.
«Lehen euskal rap bilduma» izenarekin erditu den lana, irabazi asmorik gabeko proiektua dela nabarmendu dute. «Creative Commons labelpean argitaratzea erabaki dugu, label librea den heinean, bildumako sorkuntzak modu librean zabal daitezen», azaldu zuten.
Hedapen hori abiatzeko, Durangoko Azokan zortzi eurotan jarri dute salgai. «Prezio normal bat iruditzen zaigu, kontuan hartuta egun Interneten kantuak banaka 0,99 eurotan saltzen direla». GARA egunkariaren webgunean ere eskura daiteke. Urtarrilean, berriz, aurkezpen bira hasiko dute. Kontzertu bakoitzean lauzpabost taldek hartuko dute parte. Basurkoren esanetan, «taldeak, bilduma eta Infozazpi irratiaren proiektu osoa ezagutzera ematea da gure helburua». Hurbiltzen direnek sarrerarekin batera diskoa izango dute opari, guztia 10 eurotan. Datak www.info7.com atarian jarriko dituzte.
-------------
BERRIA
Rapa ere egiten delako
'Rapherria' bilduma argitaratu du Infozazpi irratiak, «rap musikari oihartzuna emateko asmoz»
2012ko urtarrilak 10
«Euskal rapa euskal kulturaren parte ezinbestekoa da euskal kulturaren bilakaera aztertzean». Eider Elduaien Infozazpi irratiko koordinatzailearen hitzak dira. Horregatik, eta «rap musikari oihartzuna emateko asmoz», Rapherria bilduma kaleratu du Infozazpik. «Euskal Herria, beste gauza askoren artean, rapa egiten duen herri bat ere badelako».
Talde beteranoek zein hasiberriek parte hartu dute Rapherria-n. Denek rapa lantzen dute euskaraz, eta talde horietako batzuek, seik hain zuzen, kanta berriak sortu dituzte, propio, bildumarako. Hamazazpi talde eta hemezortzi abesti biltzen ditu «elkarlanean» egindako egitasmoak. Joan den Durangoko Azokan aurkeztu zuten, eta, Elduaienek adierazi duenez, ustekabea ere hartu dute diskoa edukitzen ari den harrerarekin: «Ez genekien jendeak nola hartuko zuen, baina oso gustura gaude. Durangoko Azokan, esaterako, 400 ale saldu ziren. Deigarria da, era berean, denetariko jendeak erosi zuela». Bilduma zortzi euroan dago salgai Elkar dendetan (Internetez zein saltokietan), eta Gara egunkariaren atari digitaleko dendan ere bai.
Laster, gainera, diskoa herrialdeka zuzenean aurkezten hasiko dira —oraindik ere antolatzaileek ez dute egunen berri eman, baina aste honetan zehaztuko dituzte—, eta horietara joaten direnei sarrerarekin batera diskoa oparituko zaie, 10 euroan.
Euskal Herriaren «luze-zabalekoak» dira bilduman parte hartu duten taldeak, «herrialde guztietakoak», eta rap estilo «ezberdinak» lantzen dituztenak. «Ekimen berria da. Euskal Herrian sekula ez da horrelakorik kaleratu, eta alde horretatik ausarta ere badela uste dugu», adierazi du Elduaienek. Hain zuzen, hori da, haren ustez, diskoa erosteko orduan amuetako bat. «Bestea, berriz, letrak kritikoak direla izan daiteke. Euskaraz egiten den rapak ez dauka zerikusirik rap komertzialarekin. Egungo sistemarekin kritiko diren ahotsak ditu oinarri hemengoak».
Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino «zabalduago» dago rapa, Infozazpikoen iritziko, baina Hegoaldeko egoera aldatzen ari da. «Nabarmen, gainera. Gero eta gehiago dira musika mota hau egiten eta entzuten hasi diren gazteen belaunaldiak. Bilduma honetan, esaterako, bakarlari nafar ugari daude». Baina Elduainek argi utzi nahi du Rapherria bilduma «lagin bat» baino ez dela: «Askoz ere zabalagoa da euskarazko raparen panorama Euskal Herrian».
Sare ofizialetatik «baztertuta» dago, ordea, euskarazko rapa, Infozazpiko koordinatzailearen ustez. Beharbada horregatik, jaialdietan eta abarretan «presentzia txikia» du. «Batik bat sare ofizial eta komertzialetatik baztertutako musika da. Rapak beti eraman du berekin mezu konprometitua, aldarria. Erritmoari eta errimari lotutako protesta oihua dela esan liteke».
Eta kantetako letrak tarteko, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak La Chula Potra abeslariaren aurkako kereila bat aurkeztu zuen: «Una bofetada [ez dago bilduman] abestian iseka egiten ziola argudiatu zuen Barcinak. Nafarroako auzitegiak, ordea, auzia artxibatu zuen. Bazterketa hori dela eta, bultzada eman nahi izan dio Infozazpi irratiak euskarazko rapari».

AGUR INFO7, KAIXO NAIZ
Info7 irratiak bere bidea eginda, Naiz irratiari pasa zion lekukoa 2019. urte hasi berrian. Era honetan eman zuten albistea:
KULTURA | AgurInfo7
Info7 irratia oasi bat zen
Info7 Irratiari agur esateko programazio bereziaren baitan, tertulia bereziei eking diogu gaur. Urte hauetan guztietan gurekin izan diren horiek gonbidatuko ditugu eta egindako saioak eta momentu ederrenak gogoratu. Musika izan dugu ardatz lehen tertulian, eta Info7 irratiaren sorreran musika saioak egiten zuten horiek gonbidatu. Gurekin izan dira Andoni Tolosa, Jon Eskisabel, Aritz Usandizaga (saio gidariak hirurak), Koldo Otamendi kolaboratzailea , eta irratiaren sorreratik teknikari lanetan aritu den Antton Basurko.
|2018/10/29
Andoni Tolosa Hegoaldeko Ostatua saioaren gidaria izan zen. Info7 Irratiaren sorreratik hasi zen emitizen. Aritz Usandizaga, urte askoan Sound System saioaz arduratu zen, eta bere proposamena izan zen besteak beste Rapherria sortzea. Euskal Herrian egin zen lehen Euskal Rap bilduma. Jon Eskisabelek ere astero egiten zuen irratsaioa Katuk Morun saioan nazioarteko zein bertako pop-rock musika doinuekin gozatzeko aukera ederra zen.
Musika saiorik ez du egin Koldo Otamendi, baina bai ordea Euskal Herriko musika panormaren berri eman egiten zuen agenda kulturarekin. Tertuliara ere batu da Antton Basurko, info7 irratiaren hastapenetik teknikari lanetan aritua eta musika arduraduna zena.
Gure itxiera dela eta, programazio berezian aukera izanen da berriz ere gure 13 urtetan emititutako saioak gogoratzeko. Gaur emitituko ditugu Jon Eskisabelen Katuk Morun [15:00] , Aritz Usandizagaren Sound System [19:00], eta Andoni Tolosaren Hegoaldeko Ostatua [21:00].
Koldo Otamendik Agin Laburuk etxe honetan aurkezten zuen Bostetako diligentzia saioan errepasatzen zuen Euskal Herriko musika agenda, asteartero.
Nire atala berriz, horrela aurkeztu dute.
KULTURA | AgurInfo7
Aritz Usandizagaren «Sound System»
Urte luzetan aritu da gurean Aritz Usandizaga «Soundy System» saioarekin. Info7ren sorreratik izan zen gurekin, musika beltza zuen ardatz saioak. Garaian, zabalpen gutxi zuen musika ekartzen zuen gurera.Gaur gurekin izan da #AgurInfo7 tertulian «Info7 irratia oasi bat zen basamortuan». Hemen duzue entzungai berak aukeratutako saioa.
|2018/10/29 Aritz Usandizaga
Selektah Kolektibo rap taldeko kide ere bazen Usandizaga. Eta bere proposamena izan zen euskal rap bilduma bat egitea. Info7 irratiak proposamenari baiezkoa eman eta 2007 urtean kaleratu genuen Euskal Herrian egin zen Euskal Rap biduma. Hemen aurkezpen prentsaurrekoa.
Gure herria, rapa egiten duen herria ere badelako. Eta horren lekuko dira bilduma honetan parte hartu duten hamazazpi taldeak: Norte Apache, MAK, Bad Sound System + Asthmatic Lion, La Chula Potra, ZKH (Goienetxe Anaiak) eta FLCH, 121 Krew, Indarrap, Raperos de Emaus, 2zio, ZTK Rap, FDLN, Ardi Beltza, Thow MC, 100% Gourmet, RPV, Toastibarre eta Mix6T.
Besarkada guztioi eta onena opa diogu Naiz irratiari.